Carrito de la compra

EUSKELELEA


EUSKELELEA


Euskelelea pala itxurako ukelele antzekoa da, Enrike Solinís-ek sortutako musika-tresna.


Biscainho-ek Braga-ko (Portugal) katedrala eraikitzera joan zirenean hara eraman zuten beraiekin gitarro edo gitarriko instrumentua, eta handik mundu zabalera zabaldu zen itsasoz, Kanariar irletara (timple), Indonesia (kerengong), Brasil eta Cabo Verden cavaquinho bihurtu, eta Hawain ukelele izena eman zioten.


Guk euskelele izena jarri diogu etxera bueltan eta Juan Kruz Igerabidek ondutako ipuinarekin eta Irrimarrak eginiko marrazkiekin euskal jatorriko instrumentuaren bidaia irudikatuko dugu, musika, ahozkotasun eta irudimenaren bidez haur eta gaztetxoentzako istoria erakargarria sortuz.



Irrimarra-k egindako ilustrazio batzuk.


Juan Kruz Igerabide


Aduna, 1956.


Juan Kruz Igerabide euskal idazlea da, literaturaren alor ugari jorratu dituena eta Haur eta Gazte Literaturan lan ugari argitaratu dituena. Sari garrantzitsuak jaso ditu, besteak beste, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria 1999an, eta Espainiako Kritika Saria birritan Kritika birritan, 1994an eta 2003an.


Magistertza ikasketak egin eta Lehen eta Bigarren Hezkuntzan irakasle aritu zen zenbait urtetan, gerora Euskal Filologian doktoregoa egin zuen, eta EHUn Euskara Teknikoko irakaslea da. Gaur egun euskara teknikaria da EHUko Euskara Zerbitzuan.Azken urteotan EHUko Mikel Laboa katedraren zuzendaria ere bada. 2003an euskaltzain urgazle zendatu zuten.


Idazle oparoa ez ezik, ikerlaria ere bada. Haur Literaturan ikerketak egin izan ditu, batez ere, poesia aztertuz. Aipatzekoa da 1993an osatutako ikerlana; ahozko tradizioaren alorra aztertzen duen Bularretik mintzora: haurra, ahozkotasuna eta literatura (Erein, 2000).


Ikerlan hori amandre ipuinetatik abiatzen da, ipuinen jatorria, funtzioak, erabilera, ideologia, eta abar landuz. Izan ere, haurraren eta literaturaren arteko harremana du aztergai, haur txikiei kontatzen zaizkien ipuinak, ipuin horien eragina haurrengan, psikoanalisiak zer dioen... baita gaur egungo gizartean zer betebehar duten amandre ipuinek ere.


Haur narrazioari dagokionez, Igerabidek hogeitik gora ipuin idatzi ditu, tartean Grigor protagonista dutenak: Egunez parke batean (De día en un parque; Alberdaniaa, 1993), Gauez zoo batean, Denboraldi bat ospitalean (1995) eta Oporraldi bat baserrian (Alberdania, 1996). 1999an Euskadi Haur eta Gazte Literatura Saria irabazi zuen Jonas eta hozkailu beldurtia lanarekin. Jonas eta hozkailu beldurtiaren bidez aurkezturiko pertsonaia izango zen ondoren beste ipuin askoren protagonista.


Gazteentzako poesia ere idatzi du, Kartapazioko poemak (Karlos Linazasororekin batera; Ibaizabal, 1998), Hosto gorri, hosto berde/Hoja roja, hoja verde (Edizio elebiduna; Atenea, 2002) baita narratiba ere. Azken horri dagozkio Helena eta arrastiria (Elkar 1999) Hamabi galdera pianoari (Alberdaniaa, 1999), Begi argi horiek (Aizkorri, 2000), Hiru ahizpa (Erein, 2003) eta Bosniara nahi (Aizkorri, 2003).


Literatur proposamen desberdinak bilatzen ere saiatzen da eta horren emaitza dira Elena Odriozola ilustratzailearekin osatutako Eguberria (Nerea, 2012), Eguberriko tradizioa, mitoak, ahozko kultura eta literaturaren inguruan egin duen bilketa eta dokumentazio lanaren emaitza, eta, Ur: euriaren liburua (Denonartean, 2014) jolasak, musika, liburua, eta irudi solteak biltzen dituen kartoizko kutxatxoa.


2018an Abezedario tititrijario ( Denonartean, 2017) lanagatik Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala jaso zuen. Epaimahaiak "oihartzun sinbolisten aliterazioaz, nonsense umoreaz, absurdoaz, errodariar fantasiaz eta euskal ahozko tradizioaren oihartzunez elikatzen den hizkuntza poetikoaren erabileran maisutasunagatik" saritu du egilea.